XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Miserikordia Ospitalea oso txiroa zen, irabaziak, batez ere, emaitza eta zergetatik zetozen.

Deskriba dezagun bada, eraikuntza hau.

Dauzkagun datuak Madoz-en Hiztegikoak direla adierazten dizuet, Madoz-ek Ospitale hau, bere motakoen artean eredugarritzat hartzen duelarik, eta ez duelarik laudoriorik gordetzen.

Errektangelu baten trazatua du, bere alde txikienak, hiru garaierakoak, Ospitalea lirateke; hondoko alde handiena Hospiziorako, lau solairukoa: behekoan sukaldea, jangela, arropa gelak, e. a. eta besteetan logelak, erdialdekoak Monjentzat, eskuinaldean emakumezkoak, eta ezkeraldean gizonezkoak.

Laugarren alderdiak aurrekaldean bazeukan zati baju bat, erdialdean sarrera gisa, eta alboetan eskola, botika eta langile gela gisa prestatuta zeudelarik.

Kapila eta patio inguruan aterpeak zeuden.

Aurrekaldetik, beraz lehengo gauza, sarrera zeukan zati bajuago bat ikus zitekeen.

Barruan, harmaila batzuk goiko solairura eramaten zuten, horien gainean zutabe batzu zeuden eta aurrez aurre esfera bikoitzeko erloju bat eta kanpai handi bat.

Esfera bat kanporuntz zegoen, eta bestea barruko patioruntz; bazegoen ere honela zioen harri bat: Gaixo eta behartsuei, ongintza publikoak.

Atalondoa handia eta zabala zen.

Hondoan burdinsare batez itxita.

Alboetako aurrealdean bi ate zeuden: bata kapelau gela, irakasle gela, eskola eta botikara ematen zuena; eta bestaldekoa, kapilako atea zen.

Kapilak tribunak zituen, goikoa gaixoentzakoa eta bestea gainontzekoentzat.

Atalondotik, hondoaldera, atezaindaritza igarota, patio handi batetara heltzen zen, patioak jardina eta larogei zutabeko aterpea zuen.

Aterpe gainean azotea bat sortzen zen, solairu nagusiaren parean.

Eskuineko zatia edo alderdia, Ospitaleko aretoek betetzen zuten, solairu bakoitzeko bi.

Aretoak, solairu bakoitzean, eskilaraz eta aretoaurre komun batez zatituta zeuden.

Bakoitzak, 88 oin luzeraz, 28 zabaleraz, eta 14 garaieraz, zuen.

Areto askeak ziren, holtzik gabekoak, alboetan luzetara sei leiho, eta frentean hiru, eta hauen aurrez aurre, sarrera atea.

Beste eraikuntza txiki batzu ere bazeuden, baina denak deskribatzea oso luze egingo zitzaigularik, esan dezagun orokorki, ikuztokia, harraska, ikuiluak, e. a. zeudela.

Multzo guztia, aurrekaldea ezik, baratzez inguraturik zegoen.

Baratze batetan, Ospitalaren erabilerako izain gordeleku bat dagoela diote.

Jangelak deskribapen bat merezi du, han bait dago Manuel Zabaleta Jaunaren busto bat.

Berak, bere ondasunak, 45.000 hogerleko balio izan zuen eraikuntza hau egiteko utzi zuen eta.

Ospitale honetan, ehun bat gaixoentzat zegoen tokia, baina larrialdietan, bikoiztu zitekeen.

1845.ean, 90etik 100era gaixo zegoela dakigu, eta horietatik 60 kanpotarrak ziren.

Horregatik, esan liteke udal ospitale baino probintziarra zela.

Oro har, establezimenduak, 7.200 zarta kuadratu hartzen zituenen.

Adibide bat emateko, 1849.ean 195.000 hogerlekoko gastuak izan zituzten, eta irabaziak 140.000 hogerlekokoak, beraz 55.000ko galerak izan zituzten, hau urtero ohizkoa zelarik.

Eman dezakegun beste garrantzizko datu bat, hilkortasuna ez dela altua da; batez ere, 70 urte baino gehiagoko pertsona adintsuak hiltzen zirelarik, eta datu berezi moduan, 1849.eko ekainaren 24an, Donostiako emakume bat 103 urte zituela hil zen.

1845.eko udazkenean, 16 eta 24 bitarteko gazteak hil zituen izurrite gaitz bat sortu zen hirian, (...).